lunes, 15 de diciembre de 2008

Deklinabideak

HURBILTZE ADLATIBOA: NORANTZ

KASU MARKA: -rantz

MUGAGABEA: -(e)tarantz (izen arruntak) / -(e)rantz (izen bereziak)

komunETARANTZ
etxeTARANTZ
tabernaTARANTZ
GasteizERANTZ


SINGULARRA: -(e)rantz

komunERANTZ
etxeRANTZ
tabernaRANTZ


PLURALA: -etarantz

komunETARANTZ
etxeTARANTZ
tabernETARANTZ

GALDETZAILEAK:

Norantz
Zertarantz
Zeinetarantz
Zeintzuetarantz
Zenbate(ta)rantz

ERAKUSLEAK:

Honetarantz
Horretarantz
Hartarantz

Hauetaranz
Horietarantz
Haietarantz

LEKU-ADITZONDOAK:

Honantz
Horrantz
Harantz

ESANGURA: Hartutako norabidea edo hartutako bidea adierazten du, baina helmuga zehaztu gabe, eta bizigabeekin bakarrik erabiltzen da.

EtxeRANTZ joan dira.


HURBILTZE ADLATIBOA: NORENGANANTZ

KASU MARKA: -ganantz

MUGAGABEA: -(r)enganantz

mutilENGANANTZ
semeRENGANANTZ
neskaRENGANANTZ
Josu(REN)GANANTZ

SINGULARRA: -a(ren)ganantz

mutilA(REN)GANANTZ
semeA(REN)GANANTZ
neskA(REN)GANANTZ

PLURALA: -enganantz

mutilENGANANTZ
semeENGANANTZ
neskENGANANTZ

GALDETZAILEAK:

No(ren)ganantz
Nortzu(en)ganantz

Zeinenganantz
Zeintzuenganantz
Zenbatenganantz

ERAKUSLEAK:

Honenganantz
Horrenganantz
Harenganantz

Hauenganantz
Horienganantz
Haienganantz

PERTSONA-IZENORDAINAK:

Ni(re)ganantz
Hi(re)ganantz
Harenganantz
Gu(re)ganantz
Zu(re)ganantz
Zuenganantz
Haienganantz

ESANGURA: Hartutako norabidea edo hartutako bidea adierazten du, baina helmuga zehaztu gabe, eta bizidunekin erabiltzen da.

Etorri honantz, niREGANANTZ, baina apurka-apurka.

Selektibitatea 2006

A.Ulermena

1.Erlaxazioa ona da gure gorputzeko nerbio sistemak apalago lan egiteko eta bizitzari oreka osasuntsua emateko.

2.Erlaxatzeko teknika asko daude. Batzuk psikologikoak dira (muscular progresiboa, pasiboa, bistaratzea…) eta, beste batzuk, berriz, fisikoak (yoga, taichi…). Beste teknika erraza bat begiak itxi eta gustuko oroitzapenak imajinatzea edo arnas ariketak egitea da.

3.Gehien gustatzen zaidana begiak ixtea eta oroitzapen atseginak imajinatzea da, teknika erraza eta eraginkorra delako.

4.Teknika baino garrantzisuagoa irmotasuna edukitzea da.

B.Gaia eta laburpena

1.Gaia:

Erlaxazioaren garrantzia eta erlaxatzeko teknika batzuen deskribapena.

2.Laburpena:

Erlaxazioa garrantzitsua da bizi orekatua eta osasuntsua edukitzeko. Erlaxatzeko teknika desberdinak daude: batzuk fisikoak dira eta beste batzuk, berriz, psikologikoak. Zenbait tekniketan begiak itxita edukita oroitzapen atseginak imajinatu behar dira, edota arnas ariketak egin. Baina teknika baino garrantzitsuagoa irmotasuna edukitzea da. Erlaxazioa antsietatea, beldurrak edo fobiak sendatzeko erabiltzen da.

C.Moldatu esaldiak

1.Erlaxazioa lantzeko teknika ugari daude. Esate baterako, pasiboa, muscular progresiboa, bistaratzea, yoga...

2.Erlaxazioak asko laguntzen du antsietate kasuetan. Beraz, asko erabiltzen da fobiak edo beldurrak lantzeko.

3.Estresak gaixotu egiten gaitu. Erlaxazioak, ordea, sendatu.

4.Non-nahi praktikatu dezakegu erlaxazioa. Jakina, horretarako erlaxazio teknikak ezagutu behar dira.

D.Idazlana

Gaur egungo bizimoduak estresa eta antsietatea eragiten dizkigu askotan. Horregatik, ahal dugunean erlaxatzen saiatu behar gara.
Nik begiak ixten ditut, musika lasaia jartzen dut eta etxeko sofan etzan egiten naiz, nire gustoko leku batean nagoela imajinatzen.
Ez dut guztietan leku berdinean pentsatzen, baina askotan ondorengo eszena imajinatzen dut: hondartza batean nago, hondartza ezezagun batean arean etzanda. Eguzki ederra dago zeruan, laino gutxi batzuez inguratuta, eta itsas haize gozoa sentitzen dut aurpegian. Ez du beroa egiten, ezta hotza ere: temperatura perfektua dago. Inguruan ez da ezer entzuten; ez animaliak, ez pertsonak. Beno, egia esanda, zerbait entzuten da: itsasoaren soinua, olatuak motel-motel kostaldera ailegatzen. Soinu zoragarria da hau, baina normalean ez gara olatuak entzutera gelditzen. Pixkanaka-pixkanaka itsasoaren maila igo egiten da eta ura oinak bustitzen sentitzen dudan unea ailegatzen da.
Eszena lasaigarri hau imajinatzen orduak eta orduak emango nituzke baina, zoritxarrez, betebehar ugari dauzkagu egunero eta ezin diogu erlaxazioari denbora nahikoa eman.

domingo, 14 de diciembre de 2008

lunes, 8 de diciembre de 2008

Selektibitatea 2002

A.Ulermena

1.-Erantzun galdera hauei:

a)Artikuluaren gaia demografía da, bizi-itxaropenaren igoera konkretuki

b)Ez, ezinezkoa da hilezkortasunera iristea

c)Eragin handia du etorkizuneko pentsioetan, osasun laguntzetan eta hainbat behar sozialetan.

d)Japonian dago bizi-itxaropen handiagoa. Izan ere, bertako emakumeek 85 urteko bizi-itxaropena daukate, munduko altuena.

e)Gizarte Segurantzak 83’9 urteko bizi-itxaropena emakumeentzako 2070n dauka aurreikusita.

2.-Gaia:

Bizi-itxaropenaren igoera eta honek dituen ondorioak.

Laburpena:

Jim Oeppen eta James Vaupel ikertzaileak Science aldizkarian demografiari buruzko artikulu bat argitaratu dute. Bertan adierazten dute gizakien bizi-itxaropena izugarri igo dela azken 160 urteetan: urteko 3 hilabete. Bizi-itxaropenaren muga ezezaguna da, baina progresioa horrela jarraitzea espero da. Bitartean, agintarien erabaki asko datu hauengatik baldintzatuta daude.

3.-Moldatu esaldiak:

a)Jim Oeppen eta James Vaupel ikertzaileek beren artikulua bizi-itxaropena mugara iristen ari al den galderarekin hasten dute.

b)Dirudienez, bizi-itxaropena ez da mugara hurblitzen ari.

c)Gaur egungo joera jarraitzen bada, Ameriketako Estatu Batuetako emakumeen itxaropena 92.5 eta 100.5 urteren artean egongo da 2070n.

B.Idazlana

Gaur egun gizakion bizi-itxaropena oso altua da orain dela zenbait hamarkadetakoarekin konparatzen badugu. Bizi kalitatea hobea da, medizinan aurrerapen asko egin dira, kontaminazioa jaisten saiatzen ari gara... Horiek dira bizi-itxaropenaren igoeraren kausa nagusiak, baina azter ditzagun ondorioak (batez ere negatiboak):

Hemendik urte batzuetara, 65 urtetik gorako populazioa izugarria izango da, gero eta handiagoa. Gainera, gero eta ume gutxiago jaiotzen dira, eta honek daukan ondorioa kezkagarria da. Gazte gutxiago egongo direnez, langile kopuruak ere behera egingo du eta Estatuak ezin izango du pertsona zaharren pentsioak ordaindu, diru nahikoa ez delako egongo.

Hala eta guztiz ere, egoera ez da berdina munduko leku guztietan. Lehen munduko herrialdeetan horrelakoa da ikuspegia, baina hirugarren munduko herrialdeetan gauzak oso desberdinak dira. Afrikan, adibidez, munduko populazioaren zati oso handia bizi da. Bertan, jaiotza tasa altua dago, baina jendearen bizi-itxaropena oso baxua da, lehen munduko herrialdeekin konparatzen badugu. Higiene eta medikamentu falta dute, eta leku askotan pobrezia eta gosea izugarria da.

miércoles, 3 de diciembre de 2008

lunes, 24 de noviembre de 2008

Idazlana

Atzo gauean amets nahiko surrealista eduki nuen. Esnatu nintzenean ezin izan nuen guztia gogoratu, baina bai gehiengoa. Honelakoa zen:

Gela handi batean nengoen. Gelaren erdian mahai luze bat zegoen, eta hormetan koadro eta apaingarri ugari zeuden. Ni aulki batean eserita nengoen, mahaiaren inguruan. Bertatik altxatu eta aterantz abiatu nintzen, baina ezin izan nuen ireki, giltzez itxita zegoen eta. Orduan leiho batera hurbildu nintzen, eta handik kanpora begiratu nuen. Ikuspegia harrigarria zen. Zirudienenez, ni gaztelu batean nengoen, Erdi Arokoa beharbada. Gaztelua inguratzen hodei geruza izugarria zegoen; ezinezkoa zen lurzorua ikustea, baina argi zegoen altuera handia zegoela. Leihotik begiratzen nengoela ohiuka hasi nintzen, ea inguruan norbait bazegoen galdetuz, baina ez nuen erantzunik jaso. Momentu horretan uso bat ikusi nuen nire aurrean hegan egiten. Oso txori polita zen, zuri-zuria. Besoa luzatu nuen, usoa harrapatu nahian baina, atzamarrekin txoria ukitzea lortu nuenean, leihotik jausi egin nintzen. Hala ere, ez nintzen lurrera erori: hodeietan errebotatu egin nuen eta hegan hasi nintzen. Zoragarria zen! Zeruan zehar mugitzen hasi nintzen, beso eta hanka-eraginka. Uso zuria berriz ikusi egin nuen, eta haren atzetik abiatu nintzen. Txoriak oso azkar hegan egiten zuen, baina ni azkarragoa nintzen. Azkenean, animalia harrapatzea lortu nuen baina, hau egitean, zerutik lurrera erortzen hasi nintzen. Begiak itxi nituen, kolpea itxaroten.

Bat-batean, nire ohean esnatu egin nintzen.

jueves, 23 de octubre de 2008

Subprime hipotekak

Gaia

Zabor hipotekeen ondorioak mundu osoan.

Ideia nagusia

Gaur egungo krisi ekonomikoaren kausa nagusia subprime hipotekak dira; EEBBtan hasi eta mundo osora hedatu da krisia, eta merkatua krak egiteko arriskuan dago.

Laburpena

EEBBko bankuek orain dela bost bat urte hasi ziren subprime edo zabor hipotekak ematen. Haien bezeroak hipoteka ordaintzeko arazoak zituzten pertsonak ziren (adibidez, langabetuak), eta bankuek maileguak egiten zizkieten etxebizitzen prezioa bikoiztuko zela pentsatuz, sektorearen eta ekonomiaren indarra zela eta. Era berean, mundu osoko bankuek inbertitu egin zuten EEBBko bankuetan. Gaur egun, ekonomia oso ahul dago, etxebizitzen balioa ez da bikoiztu, likidezia falta dago merkatuan eta krisia mundu osora hedatu da globalizazioarengatik.

lunes, 20 de octubre de 2008

Argudio testua

Orain dela 20-25 urte gazteek laster uzten zuten gurasoen etxea, ezkontzeko eta familia bat sortzeko. Gaur egun, berriz, 35 urterekin “gazte” ugari dago gurasoekin bizitzen oraindik. Gai honetaz hitz egiteko etxetik kanpo bizitzearen alde onak eta txarrak aurkeztea da hoberena.

Gurasoekin etxean bizitzea nahiko erosoa da normalean. Hasteko, haiek janaria prestatzen dute , arropa garbitzen dute, erosketak egiten dituzte, eta abar. Laburbilduz, gurasoak etxeko lan guztiez arduratzen dira. Horretaz gain, gazteoi astero ordainsari bat ematen digute eta, gazteok ondo dakigunez, dirua izatea ezinbestekoa da adin honetan, aisialdian gastatu ahal izateko. Bestalde, gurasoak beti daude gutaz arduratzen. Adibidez, medikuarengana eramaten gaituzte gaixorik gaudenean.

Hala eta guztiz ere, gurasoen etxean bizi izateak alderdi txarrak ere baditu. Lehenengo eta behin, gazteok independentzia eta askatasuna behar dugu, eta gurasoekin etxean ezinezkoa da haiek izatea. Arau jakin batzuk daude etxean eta, horiek errespetatzen ez baditugu, gurasoek zigorrak ezartzen dizkigute.

Aurreko guztia laburbilduz eta alderdi onak eta txarrak aztertuz, zera esan daiteke: nahiz eta gurasoekin bizitzea nahiko erosoa den, independentzia izatea garrantzitsuagoa da. Baina, zoritzarrez, askotan gazteok gurasoekin bizitzera behartuta gaude, etxe bat erostea ezinezkoa egiten zaigulako. Espero dugu tendentzia hau laster aldatzea.

domingo, 12 de octubre de 2008

Moldatu esaldiak

a) Ez zuela ezertarako balio pentsatzen zuen.

b) Zerbitzu publikoa izan arren tokatzen zaion erakunde publikoak hirugarren bati erosten dio.

c) Batek esan zion bere aitak gehiegi edaten zuela, eta laguntzeko.

d) Izena ezkutatu dut, baina ez da bera fikziorik gabeko ipuin honetan leku txarrean geratzen dena.

lunes, 6 de octubre de 2008

Lagunarteko gutuna


Luganon, 2008ko urriaren 10ean

Kaixo Martin!

Zer moduz? Dakizunez, Suitzako herri txiki batean ari naiz denboraldi bat igarotzen gurasoekin, eta nire esperientzien berri eman nahi nizun.

Aste bete daramagu Luganon. Lekua zoragarria da; herria laku baten ertzean kokatuta dago, eta gure hoteletik ikuspegia itzela da (gutunarekin batera bidaltzen dizut argazki bat, zuk zeuk ikusi ahal izateko). Egunero joaten gara hondartzara eguzkia hartzeko eta bainatzeko. Egia esateko, nik ez dut gehiegi atsegin hondartzan egotea, jendez beterik dagoelako beti eta pixka bat astuna delako bertan gurasoekin egotea, badakizu. Nik nahiago dut hoteleko igerilekuan geratzea; spa-bainuetxe bat ere badago, eta guztiz lasaigarria da bertan bainu bat hartzea.
Batzuetan gurasoek eta hirurok txalupa bat alokatzen dugu lakuan zehar paseatzeko. Asko gogoko ditut itzuli horiek, atzokoa izan ezik: arraun egiten ari ginen, trankil-trankil eta, bat-batean, harri handi baten kontra joan ginen. Txalupa zakarki gelditu egin zen eta ni uretara erori nintzen. Ur asko irentsi egin nuen; itotzen nengoela pentsatzen nuen hasieran, baina ez nintzen urduri jarri eta txalupara berriz igotzea lortu nuen nire gurasoen laguntzari esker. Haiek oso larrituta zeuden, baina nik lasaitu egin nituen ederki nengoela esanez.


Gorabehera honetaz aparte, primeran pasatzen ari naiz Luganon. Oraindik bi aste gehiago egongo gara hemen; urriaren 19an trenez Bilbora bueltatuko gara eta bi aste hauen berri emango dizut.


Laster elkar ikusiko dugulakoan,


Aitor

domingo, 21 de septiembre de 2008

Maria

Gaia

Gizarte zerbitzuetan lan egiten dutenen errekonozimentu falta.

Laburpena

Artikulu honetan administrazio publikoaren kudeaketa kritikatzen da, Maria izeneko emakume baten egoera azalduz. Mariak bere bizitzari zentzua ematea lortu ahal izan zuen gizarte zerbitzuetan lan egiten. Hala ere, ez du behar bezalako soldata jasotzen besteak laguntzeagatik. Ez du langile publiko batek beste kobratzen, soldata eskasa irabazten du.

Aurkezpena

Kaixo!

Nire izena Aitor da eta aurten Batxilergoko bigarren maila ikasten ari naiz Ignacio Ellakuria institutoan. Blog hau sortu dut euskerazko lanak idazteko.