lunes, 20 de octubre de 2008

Argudio testua

Orain dela 20-25 urte gazteek laster uzten zuten gurasoen etxea, ezkontzeko eta familia bat sortzeko. Gaur egun, berriz, 35 urterekin “gazte” ugari dago gurasoekin bizitzen oraindik. Gai honetaz hitz egiteko etxetik kanpo bizitzearen alde onak eta txarrak aurkeztea da hoberena.

Gurasoekin etxean bizitzea nahiko erosoa da normalean. Hasteko, haiek janaria prestatzen dute , arropa garbitzen dute, erosketak egiten dituzte, eta abar. Laburbilduz, gurasoak etxeko lan guztiez arduratzen dira. Horretaz gain, gazteoi astero ordainsari bat ematen digute eta, gazteok ondo dakigunez, dirua izatea ezinbestekoa da adin honetan, aisialdian gastatu ahal izateko. Bestalde, gurasoak beti daude gutaz arduratzen. Adibidez, medikuarengana eramaten gaituzte gaixorik gaudenean.

Hala eta guztiz ere, gurasoen etxean bizi izateak alderdi txarrak ere baditu. Lehenengo eta behin, gazteok independentzia eta askatasuna behar dugu, eta gurasoekin etxean ezinezkoa da haiek izatea. Arau jakin batzuk daude etxean eta, horiek errespetatzen ez baditugu, gurasoek zigorrak ezartzen dizkigute.

Aurreko guztia laburbilduz eta alderdi onak eta txarrak aztertuz, zera esan daiteke: nahiz eta gurasoekin bizitzea nahiko erosoa den, independentzia izatea garrantzitsuagoa da. Baina, zoritzarrez, askotan gazteok gurasoekin bizitzera behartuta gaude, etxe bat erostea ezinezkoa egiten zaigulako. Espero dugu tendentzia hau laster aldatzea.

No hay comentarios: